XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III.2.4. BAIONAKO ORDEZKARITZA

Ordezkaritzaren zerbitzuak

Urteoro bezala, 1995ean ere Baionako ordezkaritzak edozein hiritar, talde, elkarte, erakunde edo entrepresak eskatutako zerbitzuak eman ditu.

Bi motakoak izan dira:

- Euskaltzaindiari eta euskarari buruzkoak: galdetzaileak ikasleak, elkarteak, erakundeak eta komunikabideak izan dira gehienetan.

- Itzulpenak:

- Entrepresek, sarritan, lerro batzuk edo esamolde berezi batzuk itzultzea eskatu dute, bezeroak erakartzeko.

- Kultur elkarte jakin bati, ihauteriez egin erakusketaren testua burutik burura euskaratu dio Baionako ordezkaritzak, kasu berezi bezala.

Egilea ez zen Euskal Herrikoa, eta euskaratutako testua herriz herri ibiliko baita, leku publikoetan.

Normalki, honelako kasuetan ez da itzulpenik egiten, baina bai laguntza eskaini.

Erakunde eta jendearekiko harremanak

Baionako ordezkaritzari dagokio Euskaltzaindia Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan ezagutaraztea, erakunde gisa onartua izan dadin.

Are gehiago oraingo euskaltzainburua Estatu horretakoa dela kontuan izanik.

Euskaltzaindia ezagutarazteko eta honen egitasmoentzat babesa eskatzeko, gestio hauek egin dira, gehienak agintarien aurrean:

- Estatu mailan, Departamenduko bi ministrori esker (F. Bayrou eta A. Lamassoure jaunak), Euskaltzaindiak 1992an eta 1993an eskatutako Reconnaissance d'utilité publique estatusa lortu du, hots, onura publikoko erakundearena, 1995eko otsailaren 20ko Frantziako Errepublikaren dekretuaren bidez.
- Azpimarratzekoa da, 1995ean Frantziako Aurrekontuetarako ministro den A. Lamassoure jaunak diru-laguntza eman diola Euskaltzaindiari Euskal Herriko Hizkuntz Atlasarentzat.
- Akitaniako kontseiluburu den Jaques Valade jaunarekin mintzatu dira Jean Haritschelhar euskaltzainburua, Beñat Oihartzabal Dialektologia-Atlas batzordeburua eta Endrike Knô*rr idazkaria Euskaltzaindiaren lanen berri emateko eta diru-laguntza eskatzeko.
- Uztailean, Departamenduburu den F. Bayrourekin elkarrizketatu da Euskaltzaindia Atlasarentzat Administrazio horri diru-laguntza eskatzeko.